XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Egun hits eta goibel hartako lainoak azkarrago ekarrerazi zuen gaua; leizera iritsi zirenerako ia ilundua zegoen.

Ezarri zuten haurra sutondoan, erantzi zizkioten larruzko soinekoak eta agerian gelditu ziren kalteak: sabeleko etena eta orkatilako zaintiratua.

Amandreak kupiturik begiratu zion mutikoari; baina ez zuen deus ere esan.

Beste guztiak galdezka eta haurra nola sendatu beharko zuketen ari zirela, amona leize barrura sartu zen eta, luzaro gabe, eskuetan larru zati bat, hezurrezko jostarratza eta zaldi-ilez eginiko haria zekartzala agertu zen; lepotik zintzilik, sendaketak egin ahal izateko kuttunak zituen.

Belaunikatu zen mutikoaren ondoan, estali zion larruaz oina eta korapilorik gabeko hariaz joste itxurak egiten hasi zen, ahapeka sorginek entzun ez zezaten honela esanez: Zaintiratu / zain urratu,/ zaina bere tokian sartu!.

Bederatzi aldiz egin zuen joste itxura hura, hitz berberak ahozkatuz.

Gero, larrua bertan lotu zion hariz.

Ziur zegoen amandrea orkatila berehala sendatuko zitzaiola azti-hitz haiei esker.

Okerrago zen sabel barreneko etena.

Min hura ezin zuen bapatean sendatu; Ekain gauaren zain egon beharko zuen, bitartean haurra geldi egonerazten saiatuz.

Hurrengo hiruzpalau egunak erdi lotan eman zituen Harkaitzek, amona gau eta egun begira zuelarik.

Halako batetan, ordea, luzaro isilik egoniko mutiko hura mintzatzen hasi zen: - Amona! - egin zuen dei, kezkaturik bezala.